ETHAZI eredua esperientzia pilotu gisa garatu zen 2013/2014 ikasturtean Euskadiko lanbide-heziketako 5 ikastetxe publiko zein itundutan. Esperientzia honetan 5 heziketa-ziklo desberdinetako 100 ikaslek eta 25 irakaslek hartu zuten parte.

Gaur egun, gainditu dugu fase pilotua, eta hedatzeko eta ezartzeko fasean gaude. Gure helburua da zenbait urtetan Euskadiko LHko ikastetxe publiko zein itunduek ikaskuntza-testuinguru berri honetan lan egitea: errendimendu handiko zikloetan – ETHAZI.

Ikaskuntza-eredu guztia ERRONKETAN OINARRITUTAKO IKASKUNTZA KOLABORATIBOAREN inguruan antolatzen da, hori da elementu nagusia.

Egoera problematiko bat planteatzea, hori erronka bihurtzea, eta prozesu osoa emaitza bat lortu arte elementu hauetan antolatuta dago: ziklo bakoitzeko konpetentzia tekniko eta espezifikoetan, eta une honetan izaera estrategikoa duten zeharkako konpetentzietan, hala nola: autonomia ikaskuntzan, talde-lana, aparteko emaitzetarako orientazioa, etab.

Egoera problematikoak, kasu guztietan, taldetan konfiguratutako gela bati planteatzen zaizkio. Hor, lan-prozesuak aukera eman behar die ikasleei egoera erronka gisa bizitzeko eta, hortik, behar den ezagutza sortu behar dute, soluzio hoberenak proposa ditzaten.

Ereduaren planteamendua erronken bidez egiteko, beharrezkoa da ikaskuntzaren mekanikaren berrinterpretazio bat. Eredura gehien egokitzen den interpretazioa ikaskuntza bilakatze-prozesu gisa ulertzea da, non ikasleak diren haren arduradun. Erronketan oinarritutako ikaskuntzak agertoki bat eta une bat eskaintzen ditu, non ikasleek banaka eta taldean lanari ekiten dioten eta emaitza bat sortzen duten. Emaitza hori interpretatu egiten da, funtzionatu duena eta funtzionatu ez duena analizatzen da, eta erabakitzen da hurrengo erronkan zer egingo den desberdin, helburu nagusiagoetara hurbiltzeko.

Lan-proposamen hori ez dator bat egiturazko ereduarekin, orain arte ezagutu dugun bezala; ordutegiek, ebaluazioek, ikasgelaren konfigurazioak eta antzeko elementuek, egungo formatuan, baliozkoak izateari utzi diote eta berriz pentsatu eta berriz definitu behar dira.

ETHAZI EREDUAREN EZAUGARRIAK:

INTERMODULARITATEA

Erronken diseinua ahalik eta gehien hurbiltzeko heziketa-ziklo bakoitzaren lan-errealitatean jarduteko egoeretara. Horrek konpetentzia profesionalen eta zikloko ikaskuntza-emaitzen analisi sakona eskatzen du, ikaskuntza-denboretan eraginkortasuna hobetzeko.

ZIKLOKO IRAKASLE TALDE AUTOKUDEATUAK

Talde-lana eta erantzukizuna kide kopuru txiki batek osatutako irakasle taldetik bertatik indartzen hasita. Taldea heziketa-ziklo osoaz arduratuko da, eta autokudeaketa-maila handi baten bidez, ordutegiak, espazioen erabilera, jagoletzak eta ordezkapenak, etab. egokitu ditzake ikasleen ikaskuntzaren garapenak une bakoitzean planteatzen dituen premietara.
Taldeak berak banatzen ditu banako zein taldeko tutoretzak ziklo osoan zehar.

EBALUATZEA, KONPETENTZIEN GARAPENEAN BILAKAERA IZATEKO

Ebaluazioa giltzarri gisa integratzen da ikasleen ikasteko prozesuaren barruan, eta maiz eskaintzen die beren bilakaerari buruzko feedback-a aurreikusitako konpetentzia profesionalak eskuratzeko mailan.
Ebaluazio-ikuspegi hori indartzeko eta irakasleei zein ikasleei (modu pertsonalean eta taldekide gisa) eta ebaluazio-prozesuan ekarpena egin dezaketen beste eragile batzuei hor parte-hartzea errazteko, SET (Skills Evolution Tool) tresna espezifikoa garatu da.

IKASKUNTZA ESPAZIOAK EGOKITZEA

Metodologia berri horiek inplementatzeko, ikasgelak, ekipamenduak, altzariak eta espazio espezifikoak behar dira, gaur egun prestakuntza-ikastetxeetan daudenen desberdinak direnak. Horien diseinuak kontuan hartzen ditu, batik bat, espazio malguak, irekiak, elkarrekin konektatuak eta lan aktibo eta kolaboratiboa ahalbidetzen duten giro-egoerak errazten dituztenak.