A esparruko dinamika batzuk egindakoan, egitura kolaboratiboekin lanean has gaitezke. Horien helburua da lortzea neska-mutilek, taldean lan eginez, eskolako edukiak hobeto ikastea, elkarri laguntzen diotelako.
Baliteke, orduan, beste arazo bat sortzea: ikasleek, kohesionatuago egon arren, arazoak izan ditzakete elkarrekin modu kolaboratiboan lan egiteko, ohituta daudelako bakarrik lan egiten eta, askotan, lehiakorrak izaten, ordura arte jasotako hezkuntzarengatik. Taldean, elkarri lagunduz eta zeregina denen artean lan egiteko kontsigna hutsa ez da nahikoa. Eta guk honelako ikasleak aurki ditzakegu:
- beren lana egiten dutenak, gainerako taldekideak kontuan izan gabe.
- lan mota horri uko egiten diotenak,
- ekimena hartu duten beste batzuekin lanean ari direla aprobetxatzen dutenak, besteek egiten dutena kopiatzeko hori ikasteaz kezkatu gabe,
- besterik gabe, egin behar den lana banatu eta bakarka egiten dutenak, gero bakoitzak egindako lana biltzeko.
“Zerbait” behar da, nolabait ere, animatuko, motibatuko dituena, baina ez “behartu”, elkarrekin lan egitera, elkar kontuan hartzera, pozik ez geratzera taldekide guztiek zer ikasten ari diren “jakin” edo “ egiten jakin” arte. Talde bereko kideen aldibereko elkarrekintza ziurtatu behar dugu, eta haien bidezko parte-hartzea.
Bestela esanda, talde txikietan lan egin behar da, egitura kolaboratiboak erabilita, curriculumaren ikasgai/moduluetan aurreikusitako eskola-edukiak hobeto ikasteko.
Maila honetako jarduketek baliagarri izan behar dute ikasleek esperientzia positiboak egin ditzaten, benetakoak, talde-lanekoak, eta egiazta dezaten horrela lan egitea atseginagoa eta eraginkorragoa dela; izan ere, behar izanez gero, ikaskideren baten berehalako laguntza dute eta, lan egin nahi badute, egin dezakete, denen artean jarduera bakoitza egiteko modua aurkitzen dutelako.
Esperientzia horiek positiboak badira, ikasleek berek eskatzen dute horrela maizago lan egitea. Aldi berean, esperientzia horiek lagungarri zaizkigu talde-lanaren indarguneak eta ahulguneak identifikatzeko, oro har, edo talde zehatz batenak. Hortik aurrera, pixkanaka, taldeen barne-funtzionamendua molda dezakegu –zuzen egiten dutena nabarmenduta eta ongi egiten ez dutena zuzenduta– eta, gutxika, ikasleak taldeetan banatzeko modurik hoberena aurkituko dugu. Lan hori egiteko, taldekideak gutxienez hiruhileko batean mantentzea komeni da.
1.1. Jardueraren egitura kolaboratiboak
Egitura kolaboratiboak, berez, egiturak besterik ez dira eta, beraz, ez dute edukirik. Edozein ikasgai edo moduluren edukiak lantzeko erabiltzen dira, batzuek besteak kontuan hartzeko premia sortzeko, eta ikasteko prozesuan parte hartzen dutenek lankidetzan aritzeko eta elkarri laguntzeko.
Egitura horiek honelakoak izan daitezke:
- Bakunak: eskola-saio batean zehar gauzatu daitezke, iraupen laburrekoak dira, ikasteko eta aplikatzeko errazak. Batik bat banakako jarduerak (testuak irakurtzea, galdera irekiak gela osoari, galdera sorta bati erantzutea, ariketak egitea, ikasitako gaiaren laburpena edo sintesia egitea…) jarduera kolaboratibo bihurtzea errazten dute.
- Konplexuak: teknika kolaboratibo ere esaten zaie, eta zenbait eskola-saiotan aplikatu behar dira.
1.2. Egitura edo teknika kolaboratibo batek izan behar dituen baldintzak
Egitura edo teknika bat kolaboratiboa izateko, ikaskuntza kolaboratiboaren funtsezko bost elementuak izan behar ditu: Gutxienez…
- Interdependentzia positiboa ziurtatzea denen onura lortzeko.
- Ahalik eta gehien ziurtatu behar da taldekide guztien parte-hartze aktiboa eta arduratsua: inork ezin du beste baten ordez ikasi, ez beste baten ordez lan egin, inor ezin da aprobetxatu besteen lanaz bere aldetik ezer jarri gabe; taldekide bakoitza da bere ikaskuntzaren lehen arduraduna; beraz, ahalik eta gehien ziurtatu behar da taldekide guztien banako ardura.
- Ahalik eta elkarrekintza gehien izan behar da talde beraren kideen artean. Berdinen arteko elkarrekintza, ezaguerak batera eraikitzean, funtsezko elementua da ikasteko prozesuan.
- Talde-lana baloratzen da hobekuntza eta konpromisoa bilatzeko.
Ikaskuntza kolaboratiboa aplikatzean gure praktika aztertzen dugunean, bi galdera hauek egin behar genizkioke geure buruari:
- Noraino, jarduera egin dugun bezala antolatuta (egitura zehatz hori erabilita eta egin dugun bezala aplikatuta), parte hartu dute ikasle guztiek modu aktiboan eta bidezkoan –edo gutxienez, izan dute hori egiteko aukera– eta denek egin dute beren ekarpena eta izan dira haren arduradun?
- Noraino, jardueran zehar, izan dute aukera edo premia elkarreragiteko, elkar interpelatzeko, eztabaidatzeko, elkarri zuzentzeko, argudiatzeko, beren ikuspegia defendatzeko eta/edo besteen ikuspegia onartzeko?
Bi galderen erantzuna baiezkoa bada, jardueran erabilitako egitura kolaboratiboa da. Baiezkoa ez bada (nahiz eta bi galderetako batean soilik izan), ez da kolaboratiboa, edo itxuraz besterik ez da.
Ikus dezagun adibide bat:
Irakasle batek “Hitzen jokoa” egitura aplikatu du, honela: Arbelean lau gako-hitz idatzi ditu gelan ikasi berri duten gaiari buruz, eta kontsigna hau eman dio talde bakoitzari: “Taldekide guztien artean esaldi bat egin behar duzue lau hitz hauetako bakoitzarekin”.
Gerta daiteke, talderen batean, ikasle batek ekimena hartzea, esaldi bat egitea hitz bakoitzarekin (gainera, zuzena izan daitekeena), besteei ongi iruditzea eta bakoitzak esaldi bat idaztea besterik gabe. Itxuraz, “urrutitik” ikusita, taldean egin dute, baina ez egitura kolaboratibo batean, ez delako izan inolako elkarrekintzarik beren artean, eta bakarkako lana bakoitzak esaldi bat idaztea izan delako soilik.
Gerta daiteke, baita ere, beste talde batean, hitzak banatzea eta bakoitza esaldi bat idazteaz arduratzea. Kasu horretan bakarkako lan gehiago izan da (bakoitzak, esaldia idazteaz gain, eraiki egin du), baina hori ere ez da kolaboratiboa, beren artean ez delako elkarrekintzarik izan esaldia eraikitzean.
Egitura kolaboratiboa da, talde bakoitzean bakoitzak esaldi bat idazten badu emandako hitz bakoitzarekin; gero, bakoitzak “bere” esaldia aurkezten die gainerako taldekideei eta, denen artean, eztabaidatu, zuzendu, zabaldu, aldatu egiten dute… “bere egin” arte (taldea osoarena) eta ondoren, hasieran idatzi duenak garbira pasatzen du. Kasu horretan, parte-hartzea askoz bidezkoagoa eta askoz arduratsuagoa izan da (bakoitza arduratu da bere esaldia egiteaz eta gainerakoen esaldia ahalik eta zuzenena dela ziurtatzeaz), eta elkarrekintza ere izan da taldekide guztien artean esaldi bakoitza “eztabaidatzean”, “bere egin” arte.