Pentsatu behar dugu mundu guztiak ez dituela ezaugarri espezifikoak talde txikietan lan egiten jakiteko, eta taldean lan egitea hasieran dirudiena baino zailagoa dela. Horrela, gelako taldearen kohesioa eta talde kolaboratiboetan lan egiteko prestasuna landu arren (A esparrua), eta nahiz eta talde-laneko esperientzia batzuk egin egitura kolaboratiboak aplikatuta (B esparrua), gatazkak sor daitezke talderen baten barruan, edo taldeen artean, edo baliteke ikasle batzuk gero eta uzkurrago agertzea gelan horrela lan egiteko… Orduan, gurpil zoro batean eror gaitezke: taldean lan egiten ez dakitenez, eta probatu dugunean funtzionatu ez duenez, ia ez dugu erabiltzen irakasteko modu hori, edo ez dugu inoiz erabiltzen eta, hortaz, inoiz ez dute ikasten taldean lan egiten.
Haatik, beste urrats bat egiten badugu eta, talde-lana praktikatzeaz gain, noizbehinkako talde heterogeneoetatik “oinarrizko talde” izenekoetara igarotzen bagara, hots, modu esplizituan –modu sistematiko eta iraunkorrean– azaltzen badiegu zertan datzan taldean lan egitea, talde gisa hobeto antolatzen irakasten badiegu ahalik eta etekin handiena ateratzeko eta lan egiteko modu horren onura guztiak lortzeko, eta aukera ematen badiegu beren taldearen funtzionamendua aldizka aztertzeko, baliteke gurpil zoro hori gelditzea.
Hauxe da esku hartzeko C esparru honen xedea: taldean lan egiten irakastea, modu esplizitu, sistematiko eta iraunkorrean, beste eduki batzuk irakasten ditugun bezala.
Gure ikasleei taldean modu eraginkorrean lan egiten irakastea, funtsean, hauxe da:
- Proposatzen diren helburuak, lortu behar diren helmugak argi zehazten laguntzea. Eta ikaskuntza kolaboratiboko taldeak izanik, lehen helburuak agerikoak dira:
- Denek ikaskuntzan aurreratzea; gai baten amaieran hasieran zekitena baino gehiago jakitea, norberak bere gaitasunen arabera (kontua ez da denek gauza bera ikastea, baizik bakoitzak aurrera egitea bere ikaskuntzan, ulermenean, konpetentzian).
- Elkarri laguntzea, lankidetzan aritzea, ikaskuntzan aurrera egiteko.
Helburu horiek argi edukitzea, eta horiek lortzeko bat egitea teknikoki xedeen interdependentzia positiboa delakoa areagotzea da.
- Talde gisa antolatzen irakastea, helmuga hauek lortzeko:
- Rol eta erantzukizunen banaketa taldearen barruan: koordinatzailea, idazkaria, materialaren arduraduna, bozeramailea… rolen interdependentzia positiboa delakoa areagotzeko, beharrezkoa da taldekide bakoitzak rol bat esleituta izatea eta ongi jakitea zer egin behar duen (rol bakoitzak zer erantzukizun dauzkan esleituta).
- Zeregin guztiak banatzea, zerbait denen artean egin nahi bada, zereginen interdependentzia positiboa delakoa areagotzeko.
- Beren taldearen funtzionamendua autorregulatzen irakastea: identifikatzea ongi egiten dutena (finkatzeko) eta zuzen egiten ez dutena, nahi dutena lortzea eragozten diena (bitartekoak jartzeko eta pixkanaka hobetzeko).
Lantaldeak egonkortu egingo dira eta gelako talde bateko ikasleen oinarrizko banaketa-unitateak bihurtuko dira. Talde egonkor horiek (hiruhileko batean, ikasturte osoan edo eskola-etapa batean zehar), Oinarrizko Talde izenekoek, elkarrekin lan egiten dute irakasleak talde-lana eskatzen duen bakoitzean. Elkarrekin lan egiten duten heinean, hobeto ezagutzen dute elkar eta lagun handiagoak egiten dira, eta nortasun-interdependentzia positiboa delakoa areagotzen da. Nortasun hori areagotzeko, zenbait baliabide erabil daitezke, hala nola taldeari izena jartzea, logotipo bat izatea, edo paperak Taldearen Koadernoa delakoan gordetzea.
Lan kolaboratibo horretan trebetasun sozialak garatzen dira, hala nola ikaskideei arretaz entzutea, ahots-tonu leuna erabiltzea, hitz-txanda errespetatzea, zuzentasunez galdetzea, gauzak eta ideiak konpartitzea, laguntza zuzentasunez eskatzea, ikaskideei laguntzea, zereginak amaitzea, adi egotea, lan-denbora kontrolatzea… Trebetasun sozial horiek taldekide bakoitzaren konpromiso pertsonalak bihur daitezke, taldearen funtzionamendu onerako ekarpen pertsonal gisa, taldeak bere funtzionamenduaren aldizkako azterketetan egiaztatzen duenaren arabera.
Taldearen ikaskuntzaren edukiak eta horien sekuentziazioa Talde Plan batean zehazten dira, hori baita esku hartzeko maila honetan (C) lan egiteko funtsezko bitartekoa, eta ezarritako indarraldia izango du (hilabete, hilabete eta erdi, hiruhileko bat, erronka bat…). Talde Plan bat “asmo-adierazpen” bat da, talde bakoitzak proposatzen duena denbora-tarte jakin baterako. Hor jasoko da bakoitzak zer kargu edo rol beteko duen, planteatu diren helburuak eta konpromiso pertsonalak (hobetu behar duten trebetasun sozialen batekin lotutakoak). Talde Plan baten indarraldiaren amaiera aldean, taldea bildu egin behar da bere burua ebaluatzeko, taldearen funtzionamendua aztertzeko denbora-tarte horretan, identifikatzeko zer egiten duten benetan ongi eta zer alderdi hobetu behar dituzten, eta hurrengo Talde Planaren helburuak eta konpromiso pertsonalak zehazteko –balorazio horretan oinarrituta–. Helburu eta konpromiso horiek arau eta/edo errubrika bihur daitezke ebaluaziorako eta bilakaera jarraitzeko.
Pixkanaka, plangintzaz plangintza, taldeen funtzionamendua hobetu egiten da, talde-lanarekin lotutako trebetasun sozialak “barneratzen” eta “finkatzen” dituztelako, eta ikasleen arteko harremanak positiboagoak egiten dira, hobeto ezagutzen dutelako elkar, gehiago errespetatzen dutelako elkar, lagun handiagoak direlako…
“Taldearen Koadernoa” eta “Talde Plana” tresna didaktikoak oso garrantzitsuak dira gure ikasleei taldean lan egiten irakastean. Ikaskuntza horren pixkanakako eraginkortasuna, neurri handi batean, honen mende dago: taldeek zer gaitasun duten beren lana planifikatzeko eta aldizka gogoeta egiteko, modu sistematikoan, beren funtzionamenduari buruz, hau egiteko gai izan daitezen:
- Deskribatzeko taldearen barruan gauzatu dituzten zer jarduketa diren benetan lagungarriak eta zein ez.
- Erabakiak hartzeko mantendu behar diren portaerei buruz (onuragarriak direlako taldearen funtzionamenduarentzat eta helburuak lortzea errazten dutelako) eta aldatu behar direnei buruz (kaltegarriak direlako taldearen onura komunarentzat).
Horregatik, ikaskuntza kolaboratiboko taldeek eta modu kooperatiboan lan egiten duen gelako talde osoak denbora jakin bat eskaini behar dute azterketa hori egiteko eta bateratzeko.
Hori egiten jakinda eta modu sistematikoan eginda –Johnson eta Johnson-en ustez–, taldeak beren kideen artean lan-harreman positiboak mantentzen saiatzen dira; trebetasun kolaboratiboen ikaskuntza geldi baina etenik gabekoa errazten da; taldekideek beren parte-hartzeari buruzko “feedback-a” jasotzen dutela bermatzen da eta, beraz, aukera izango dute portaera batzuk finkatzeko eta beste batzuk aldatzeko; ikasleek maila metakognitiboan pentsatzea (gai izatea pentsatzen, esaten edo egiten dutenari buruz gogoeta egiteko) ahalbidetzen da, eta, azkenik, taldearen arrakasta lortzeko bitartekoak eskaintzen dira eta, aldi berean, kideen portaera positiboak indartzen dira.
Esku hartzeko maila horretara iristen denean, oinarrizko taldeek, eskolan zehar elkarrekin lan egiteaz gain (horrela, irakasleak ikus dezake nola eragiten dioten elkarri eta jarrerak zuzendu edo portaera-aldaketak iradoki ditzake), kasu batzuetan, elkarrekin lanean jarraitzen dute eskola-ordutegitik kanpo ere:
- Etorri ez diren kideei eskolan egin denaren berri ematen diete.
- Elkarri laguntzen diote azterketak prestatzen, lanei buruzko iruzkinetan, ikasketan, lanak elkarri zuzentzen, ikasturtearen eta zereginen edukia argitzen…
- Elkar ezagutzen dute eta elkarri aditzen diote, modu ulerkorrean, kide batek arazoak dituenean (beste ikasle batzuekin, lagunekin, aitarekin, amarekin edo beste talde batzuekin).